XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GERLARI GERLA 8-XI-1973 Hazilaren hameka huntan, usaian bezala, bilduko dira gerlari ohiak mezarat, orroit-harriaren aintzinerat, mahain baten ingururat.

Ikusiko ditugu elgarretaratzen, nahiz orai xahartuak diren, eta xahartzearekin xuhurtuak, hamalaueko antzien konbatanak beste gerletan ibili gazteago zonbait ere heieri juntatzen direla.

Herriz herri nabilanean, halako bat egiten daut beti, elizetan edo plazetan hamalaueko gerlako orroit-harrien ikusteak: herrixka ttipienetan ere, zer izen lerro luzeak! Eta batzutan etxe beretik bizpahiru anaia.

Euskal-Herriko gazteria gaixoa nola sarraskitu daukuten! Euskal familia gaixoak nola suntsitu!

Nork asma soldado horien aita-amen, emazten, haurren bihozminak?

Iduritzen zait hazilaren hameka ez dela behinere izan, eta ez gerlari ohientzat ere, espantuka artzeko egun bat: irabazi dugula! edo: lehertu ditugula! Zer irabazi ote? Nor lehertu?

Orroit hogoi urteren buruko zer gertatu den!

Urgulu baino ahalge gehiago dauku bihotzetan sar-arazten gerlak, edozoin gerlak.

Hamalaueko Euskaldun gerlariak, han nunbait erori zireztenak, edo nolazpait bizirik gibelerat jin zireztenak, hartze duzue segur estimu eta goresmen.

Hoinbeste kuraie erakutsi dutenak, hoinbeste sofritu dutenak, nundik ez ditugu errespetatuko?